XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fidelek ongi adierazi digu gaur bere gizontasuna, eta gure leinuari dagokion jarrera hartuko du.

Beranduago, arratsaldearen erdi aldera, Fidelek, konbentzimendu handirik gabe, Alizeren etxerantz zuzendu zituen bere urratsak.

- Txilina jo ondoren atezainak zabaldu zion jauregiko ate nagusia.

Alizek areto txiki eta apain batean hartu zuen bisitaria eta honek bere presentziaren zergatia adierazi zionean hark ez zuen bere kontrarietatea ezkutatu.

- Fidel, nik hemen behar zaitut eta ez nork daki nongo menditan.

- Niri ere ez dit inolako atseginik ematen joan behar honek, baina maiz gure nahikundeen gainetik gure betebeharrak daude, eta orain hauetariko baten aurrean gaude.

- Baina, nork behartzen zaitu erabaki hori hartzera?

Nondik eta nola dakizu erabaki hori ezinbestekoa dela, nahitaezkoa?

Nik, egia esan, ez diot joan behar horreri inolako funtsik ikusten.

Are gehiago, zorakeria dela uste dut.

- Nola esan dezakezu hori, Alize, Santos Ladron de Zegamaren odola oraintsu isuri denean, Iruñea honetako gazteria mendietara ihesi joan denean, gure Foruak arriskutan daudenean?

Fidelen hitz egiteko tonuera berotzen zen neurrian Alizerena hotzagoa, urrunagoa bilakatzen zen, gazte biren arteko etendura handiagoa agertuz.

- Santosek eta Solák eta Lorenzok eta gainerako guztiek daramaten bidea ez zait batere laket.

Berek erabaki dute bide hori hartzea, burrukatzea, eta jasan zitzaketen kalteak berek bilatuak lirateke, (...).